AbadiñoSex izeneko programaren lehenengo urtearen balantzea egin dute, gaur, Abadiñoko Udaleko Berdintasun eta Gazteria arloetako ordezkariek.
Programa hori martxan egon den urtean, 2014an, 10 eta 16 urte arteko 150 gaztek parte hartu dute metodologia parte-hartzailean oinarritutako tailerretan. Besteak beste, sexualitateaz, maitasunaz, harreman motez, zein genero berdintasunaz jardun dira Lahia-Nahia Sexologia elkarteko kideek dinamizaturiko saioetan.
"Eztabaidagune horietan gazteak aske sentitzen dira", esan dute Lahia-Nahia elkartekoek: "Askotan oso jarrera irekiak erakusten dituzte eta sentiarazten digute tailerrak oso tresna baliagarriak direla eurentzat".
Ima Zapardiez eta Yanire Moreno zinegotziek, gazteen sexu heziketa bultzatzeko Abadiñoko Udalak egin duen apustuaren garrantzia azpimarratu dute: "Heziketa horri esker posible izan daiteke etorkizuneko jarrera sexistak ekiditea, eta gazteek erreferentziak izango dituzte nerabezaroan erabakiak hartzeko ere".
Ikastetxeetan burutu dituzten tailerrekin batera, sare sozialen bitartez ere jardun dira gazte abadiñarrak sexualitateaz solasean. Udalaren ordezkariek azaldu dutenez, une honetan 251 lagunek osatzen dute AbadiñoSex programaren Interneteko sare soziala.