Epailea izan zara urte askoan. Hamaika kontu izango duzu.
Bai, eta, zoritxarrez, asko tranpei lotutakoak. Esaterako, orain urte batzuk, Abadiñon, idi pare bat ezin zen zutik egon, eta kanpoan utzi genuen. Jabeak kontuak eskatu zizkidan, baina handik denbora batera positibo eman zuen Bakion. Dopin kontrolak Aldundiak kudeatzen ditu, eta nik kontrolak areagotzeko eskatu gura diot, ahalegin berezi bat egin dezala. Baina, horretaz gainera, apustuei lotutako hamaika tranpa daude idi probetan. Gaur egungo epaileek ez dakite gauzak zelakoak diren.
Zertan hobetu behar dute?
Batetik ez dute ganadua ezagutzen. Bestetik, abereekiko tratu txarrak ez dituzte egoki bereizten. Esaterako, batzuetan, bi-hiru untzeren ostean, idiek hankak gurutzatu egiten dituzte, ez dute aurrera egin nahi, eta orduan idiei pare bat kolpe eman behar zaizkie martxan jartzeko. Hori zigortu egiten dute epaileek, eta ez nago ados.
Beraz, noiz zigortu behar dute?
Egia esango dizut: akuilatzaile batzuek euren akuilua jarrera jakin batean ipini, eta artekari batzuek apostuak aldatzen dituzte handik apur batera. Akuilatzaileek artekarien bidez egiten dute apustua, aurretik ados jarrita daude. Lehen gertatzen zen, eta orain ere bai. Tratu txarrak hortik datoz; gertatu daiteke 25 minutuan idiari ukiturik ez egitea eta, bat-batean, akuilua belarri azpitik sartzea, idia geratu edo moteldu dadin. Jakina, kasu horretan, akuilatzaileen apustua ezezkoa izaten da. Edo, apustuaren arabera, kontrakoa gertatu daiteke. Nire ustez, hor sortzen dira abereekiko tratu txarrak, eta hori da epaile gazteek zigortu behar dutena. Nik horrelako hamaika trikimailu ikusi dut. Epaile batek idi probetan galtzadan gertatzen dena zaindu behar du, baina baita apustu giroa ere.
Eta epaile izateari utzi zenion.
Nik banekien tranpak bazeudena, baina probatzea gaitza da. Federaziora joan, higuinduta nengoela esan, eta lau urtez utzi egin nuen. Ondoren, itzuli egin nintzen, ez zegoelako epailerik.
Iaz, Berrizko jaietako probetan polemika handia egon zen, zoruan olioa bota zutelako.
Neu izan nintzen epailea bertan. Begira: lehen eguneko zaldi proban jabe batek baiezko apustua egin zuen, baina bere akuilatzailea eta artekari bat elkar hartuta zeuden ezetzera; jabearen bizkarretik tranpa eginda. Jabeak diru dezente galdu zuen. Azken eguneko idi probetan, nire ustez, jabe horrek berak olioa bota zuen galtzadara, harriak laprast egin zezan, eta idiek errazago mugitu zezaten. Seguru nago baiezko apustua eginda izango zuela. Ezin dezaket ziurtatu ehuneko ehunean bera izan zenik, baina ia seguru nago. Proba hori bertan behera geratu zen.
Jabeak ez dira ohartzen akuilatzaileen tranpez?
Jabeak sarritan itsututa joaten dira, euren idiaren alde baiezkora doaz, baina besteen traizioa atzetik dator.
Abadiñon nor izango da epaile horrelakoak saihesteko?
Fidagarriak dira, neuk aukeratutakoak. Kantxakoa emakume bat da, lezamarra, dakidala emakumezko epaile bakarra. Markinan ikusi nuen lehenengoz, eta oso ona da. Eta urterik urtera ikasten dabil. Ziurtatu dezaket epaile oso onak egongo direna.