Aste honetarako neguko eguraldia iragarri du Euskalmetek. Elur kontuak, San Blas egunean baino, eguaztenean etorriko dira, meteorologia agentziaren arabera; 100 metrora ere egin dezake elurra otsailaren 4an.
Biharko azoka eguna, hotza izango da, beraz, eta ehunka bisitari espero dituzte Abadiñon. Urtero bezala, askotarikoa izango da baserritarrek Abadiñoko azokan egingo duten eskaintza. Besteak beste, ortuariak eta frutak ipiniko dituzte azokako bederatzi erakusmahaitan salgai; ogia eta euskal pastela beste hamazazpitan; gazta hamaseitan; eta sagardoa eta txakolina azokako beste zazpi postutan. Gainera, urtero bezala, Euskal Herriko nekazariek ekoitziriko eztia, arrautzak, jogurtak eta kontserbak ere eskuratu ahalko dira San Blas azokan.
Bestalde, Arbaso elkarteagaz landuriko artisautza azoka ere antolatu dute datorren martitzenerako. Artisauen azokan hogeita sei sortzaileren lana egongo da erakusgai, eta horietako sei postutan, gainera, Durangaldeko artisauen lanak egongo dira salgai.
XXIII. Abelburu Erakusketa
Bertako abeltzainek ere leku berezia izango dute Abadiñoko San Blas azokan. Erakusketa eta salmentarako eramango dute ganadua inguruko larre eta ukuiluetatik Zelaieta auzoan egingo den azokara. Txaroles, Limousin eta piriniotar arrazako behiak eramango dituzte, besteak beste. Baserritarren elkarteak, bestalde, hainbat arrazatako behiez gainera, ardiak, pottokak eta astoak ere eramango ditu, esaterako.
Hamabi landare haztegik ere ipiniko dituzte euren postuak sanblasetan: adibidez, sagarrondoak eta kiwi-arbolak, zein bestelako landare eta haziak erosteko aukera eskainiko dute otsailaren 3an.
Nekazaritzan lan egiteko makinaria salgai ipiniko duten 23 erakuslek ere parte hartuko dute martitzeneko hitzorduan.