Leire Aragon BBKren gizarte ekintzaren ordezkariak azaldu du, iaz baino lau etxola gehiago ipiniko dituztela, aurten, San Blas azokan. Jakien postuak eta eskulangileenak batuta, denera 120 erakusmahai atonduko dituzte datorren martitzeneko hitzordurako. Aragonek azpimarratu du, BBKk 30 urte daramatzala azoka hau bultzatzen: "Konpromiso sendoa dugu uztiategi txikien eredu tradizional eta ekologikoagaz". San Blas azokan bezala, nekazari eta kontsumitzaileak zuzeneko harremana duten lekuak direla lehen sektorearentzat laguntzarik handiena nabarmendu du BBKren ordezkariak.
Abadiñoko Udalak azoka antolatzeko egiten duen apustua azpimarratu du, Jose Luis Navarro alkateak. "Lehen sektorearentzat erreferentea den gurea bezalako azoka bat antolatzen jarraitzeko, ezinbestekoa da administrazio publikoaren konpromezua ere", esan du Navarrok. Azaldu duenez, Abadiñoko Udalak 93.000 euro bideratuko ditu San Blas eguna antolatzera.
Azokaren kokapenak
Trinkete inguruan ipiniko dituzte, otsailaren 3an, nekarazien 88 erakusmahai; horietako bederatzitan ortuariak eta frutak salduko dituzte, euskal pastela hamazazpitan, gazta hamaseitan, eta sagardoa eta txakolina beste zazpitan. Gune horretan egongo dira salgai, baita, nekazaritzako makinaria, eta haztegietako landare eta haziak ere. Trinketeko aparkalekuan atonduko dute abeltzainek ere, ganadu erakusketarako karpa ere.
Txaporta plazan ipiniko dituzte 32 eskulangilek ere euren lanak. Abadiñoko Udalak Arbaso artisau elkarteak lagunduta antolatzen duen feria horretan, kokagune berezia izango dute Abadiñoko sei artisauk: Tornosolo kalean egongo dira Abadiñoko sei artisau euren eskulangintzak erakusten.