Bertso afariagaz eta kontzertuekin hasiko dituzte gaur, sanblasak

Anboto 2015eko urtarrilaren 30a

Ghetto taldea

Etxahun Lekue eta Iker Zubeldia bertsolariekin afalduko dute gaur Gaztañodi elkartean. Gauean kontzertuak egongo dira gaztetxean: Baghdad, Ghetto eta Pepe Botikak joko dute 22:30ean hasita. Gauerditik aurrera Djak izango dituzte txosnagunean.


Jaiak hasteko, Durangaldeko musika talde biren zuzenekoak entzuteko aukera izango da gaur, gaztetxean: Durangoko Baghdad eta Atxondoko Ghetto taldeekin, gainera, Pepe Botikak ere joko du, 22:30ean hasita.
Etxahun Lekue eta Iker Zubeldia gonbidatu dituzte, bestalde, 21:00etan Gaztañodi elkartean hasiko den bertso afarira. Abarkateruena tabernan eta Petite liburu dendan daude salgai bertso afari horretara joateko txartelak.
Gainera, txosnek antolatuta, gaur 18:30ean umeentzako moto eta patinete lasterketa egingo dituzte, eta graffiti tailerra ere antolatu dute. Bestetik, Elorrioko DJ Jon Frazie eta DJ Txil Aut legazpiarra ariko dira 00:30etik aurrera.

Bihar, zapatua, arratsaldean ipuin kontalaria eta kalejira izango dituzte Sapali txarangarekin. Gauean, kontzertuak: Bastards on Parade talde galiziarrak musika zelta eta punk rocka uztartuko dituzte, eta Joxe Replay taldeak Joxe Ripiauren bertsioak eskainiko ditu.

Argazki lehiaketa
Otsailaren 3an egiten den nekazaritza eta ganadu azoka ardatz hartuta, bestalde, VI. San Blas Argazki Lehiaketa antolatu du Abadiñoko Udalak. San Blas azokaren egunean, otsailaren 3an, egindako argazkiak eskura zein postaz entregatu daitezke, otsailaren 13ra arte, Errota kultur etxean edo Udal Mediatekan. Otsailaren 20an egingo dute sari banaketa ekitaldia, Errota kultur etxean.

Argazki lehiaketako irabazleak 400 euroko saria jasoko du, bigarrenak 250 eurokoa, eta herriko lanik onena aurkezten duenak 150 eurokoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!