Gaurko prentsaurrekoa "Batzar Nagusietara joango nintzela esaten zuten zurrumurruak isilarazteko" deitu duela adierazi du Jose Luis Navarrok. Azaldu duenez, Abadiñoko Independienteak taldeagaz azken legegintzaldian gobernuan egon diren sei lagunak aurkeztuko dira udal hauteskundeetara. "Hainbat gai ditugu eskuartean", esan du Navarrok, "eta bakoitzak gure arloan seirok gura dugu abian ditugun proiektuak kudeatzen jarraitu datorren legegintzaldian ere". Denbora edo diru faltagatik egin gabe utzitakoak "amaitu nahi ditugu, uste baitugu bide onean gabiltzala", azpimarratu du Jose Luis Navarrok.
Abadiño hobetzen jarraitzeko, asko dagoela egiteko azpimarratu du azken zortzi urteetan alkate jardun den Jose Luis Navarrok. Besteak beste, Traña-Matiena zein Zelaietako trafikoa gutxitzeko neurriak hartzea eta oinezkoei lehentasuna emateko proiektuak garatzen jarraitzea aipatu ditu 2015-2019 legegintzaldirako erronka bezala.
Abadiñoko Independienteak taldearen azken lau urteetako gobernuko jardunaren balorazioa eskatuta, egoera ekonomikoa zaila izan den arren, gauza inportanteak egin dituztela esan du Jose Luis Navarrok. Azpimarratu du, herriko eskolen azpiegiturak hobetzeko bi milioi euro inbertitu dituela Abadiñoko Udalak.