Txakurrak solte ibiltzeko hamabi gune atondu ditu Udalak

Anboto 2014ko abe. 12a, 09:00

Jabeek txakurrak solte eduki ahalko dituzten hamabi gune atondu eta seinaleztatu ditu Abadiñoko Udalak. Ordutegi bat ezarri dute gune horietariko gehienak erabiltzeko. Herrigunetik aldenduen dauden guneetan edozein ordutan egon ahalko dira txakurrak solte.

Traña-Matienan, Eroski ondoko erreka ertza eta Arzubiako industrialdea izango dira ordutegirik bako guneak; eta polikiroldegiko ondoko berdegunea eta Arrankurri ingurua, Zelaieta auzoan.

Herriko beste hainbat gunetan, bestalde, gauez (20:00etatik 08:00etara neguan; eta 22:00etatik 08:00etara udan) baino ezingo dira txakurrak solte ibili. Arraza arriskutsuen zerrendako txakurrak izango dira salbuespena: horiek ezingo dira inon ere solte eduki.  

Herritarren eskariei erantzunez erabaki dute, gobernu taldearen berbetan, txakurrak solte edukitzea ahalbidetua dagoen hamabi guneok atontzea. Edozelan ere, eta Jose Luis Navarro alkateak azpimarratu duenez, "jabeek obligazio batzuk ere badituzte, eta zorrotz zainduko dugu zehatz betetzen dituztela".

Gobernu taldeak azaldu du, Animaliak Eduki eta Babesteko Udal Ordenantzari eranskin bat gehitu diotela ahotan darabilgun berritasun hau arautzeko. Izan ere, ordenantza horretan ez zen halako gunerik izendatzea aurreikusten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!