Berbaldiak, erakusketak, eta jokoak, Zientziaren Astean

Anboto 2014ko azaroaren 10a

'Astronomia emakume' erakusketa ipini dute, Errota kultur etxean ikusgai.

Bihar hasi eta domekara arte, II. Zientzia Astearen barruko hainbat ekitaldi izango dira Abadiñon. Eduardo Angulo biologo eta dibulgatzaileak Sukaldatzen dakien animalia berbaldia eskainiko du egitarauaren barruko lehenengo berbaldia, 19:00etatik aurrera, Traña-Matienako kultur etxean. Gastronomiaren bilakaera hartuko du Angulok berbagai.

II. Zientzia Astearen barruan, azaroaren 12an, haurren elikadurari eta gehiegizko pisuari buruzko berbaldia eskainiko du Esther Gorostiza Traña-Matienako osasun zentroko pediatrak.

Ebolaren inguruko azalpenak ere jaso ahalko dituzte herritarrek, Abadiñoko Zientziaren Astean. Izan ere, azaroaren 13an, Guillermo Quindós mikrobiologiako EHUko katedraduna gonbidatu dute Ebolaren beldurra izenburuko hitzaldia eskaintzera.

Azaroaren 14rako, hiru eta hamalau urte bitarteko umeentzako jolas zientifikoak antolatuko ditu Abadiñoko Udalak. Traña-Matienako frontoian, 17:30etatik aurrera ariko dira umeak zientziagaz jolastuz ikasten.

Zientzia Astearen barruan, bestalde, gaurtik azaroaren 21era, Astronomia emakume erakusketa izango da Errota kultur etxean ikusgai. Emakume astronomoen bizitzari buruzkoa da EHUko Zientzia eta Teknologia eta Matematika departamentuak antolaturiko erakusketa hori.

Bigarren urtea da Abadiñoko Udalak Zientzia Astea antolatzen duena. Herritarrei zientziagaz lotura duten gaiak hurbiltzeko helburuagaz antolatu dute bigarren urtez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!