Gazteluko obretan gauez sei orduz lanik ez egiteko konpromisoa hartu dute

Anboto 2014ko urr. 10a, 09:00
Tunel bi eraikitzeko lanetan ari dira Gaztelua auzoan.

Joan zen asteko udalbatzarreko galdera eta eskarien tartean Bilduk eztabaidara eraman zuen Gerediaga-Elorrio autobide tarteko obrek Gazteluko auzokideei eragiten dizkien kalteen gaia. Aitor Azueta zinegotziak esan zuen hilabeteak daramatzatela gauez “eztanda ilegalak egiten”, eta Jose Luis Navarro alkateari galdera egin zion: “Badaukazue ezer egiteko asmorik?”. Bilduk salatu zuenez, ingurumen arloko legediaren kontrakoa da, Gaztelua auzoko obretan egin duten bezala, gauez horrelako lanak egitea.


Jose Luis Navarro alkateak, Bilduren galderari erantzunez, udalak obretan diharduen enpresa taldeagaz akordioa lortu berri duela esan zuen.

Alkatearen berbetan, akordio horren arabera, gauerdia eta goizeko seiak artean eztandarik ez egiteko eta kamioien joan-etorriak gauez gelditzeko konpromisoa hartu dute obrako arduradunek. Jose Luis Navarro alkateak azaldu zuenez, auzotarren kexak medio, enpresari espedientea zabaltzeko lehen urratsak eman zituen, hasiera batean, udalak: “Baina azkenean ados jarri gara, eta albo batera utzi dugu espedientearen bidea. Izan ere, horrelako espedienteen tramitazioa oso prozesu luzea da, eta bide horretatik joz gero, Gazteluko bizilagunek astetan jarraituko zuten gauez zarata jasaten”. Akordioa betetzen dela ziurtatzeko, udala auzotarrekin harremanetan dagoela esan zuen alkateak.

Gazteluko auzotar batzuek gatazkaren bestelako kontakizuna egiten dute. Euren ustez, udalak onartu behar ez zituen baldintzetan eman zituen obraren lizentziak, eta hori da euren ustez arazoaren sorburua.

Auzotarren ikuspegia
Auzokideetako batzuek kritikatu dute Abadiñoko Udalagaz kontaktua egin guran bederatzi hilabete eman dituztela, eta udaletik ezelako erantzunik ez dutela jaso, udalean hainbat aldiz euren egoera salatzeko idatziak ere aurkeztu dituzten arren. Azken hilabeteetan sufrimendu galanta bizi izan dutela diote auzotarrek: bi-hiru orduro eztanden burrunbak, eta 24 orduz makinen eta kamioien joan-etorrien zarata sufritu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!