Bihar inauguratuko dute Zaldi Gorri ibilbidea

Anboto 2014ko urriaren 3a

Zaldi Gorri IE 011 ibilbidea inauguratzeko ekitaldia egingo dute, bihar, Urkiolan. Zaldi ibilbide zirkularra da Zaldi Gorri izenekoa, eta duela hilabete batzuk zabaldu zuten Urkiola landa garapen elkartearen ekimenez.

Urkiolako parke naturalean elkartuko dira ekitaldian parte hartuko dutenak, bihar, 10:00etan, eta 10:30ean moztuko dute inaugurazio zinta. Horren ostean, ibilbidearen zati bat egingo dute bertaratzen direnek elkarrekin. Hiru orduko mendi buelta egingo dute zaldian, eta, Urkiolako santutegiaren inguruan, jan-
edanean elkartuko dira ibilbidea amaitzerakoan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldietan parte hartzea doakoa izango da, baina izena eman behar da ibilbidean zein osteko parriladan parte hartzeko: urkiola@urkiola.org helbidean eman daiteke izena.

Landa eremuetan bestelako turismo mota bat bultzatu gura izan du Urkiola landa garapen elkarteak zaldunentzako ibilbide hori atonduta. “Bertako ekonomia dibertsifikatzea eta berpiztea” du helburu elkarteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!