Baserri Eguna ospatuko dute barikuan, lehen sektorea bultzatu eta ezagutarazteko

Anboto 2014ko urr. 2a, 11:30

III. Baserri Eguna ospatuko dute Abadiñon, bihar arratsaldean. Batetik, herriko baserritarren ekoizpenak ipiniko dituzte salgai ekimen horren barruan, eta, bestetik, baserri munduagaz zerikusia duten tailerrak eta jolasak antolatuko dituzte haurrentzat zein nagusientzat.

Alluitz Natura enpresak Abadiñoko Udalaren laguntzagaz antolatu du ekimena hirugarren urtez. Lehen sektorea bultzatzea, ezagutaraztea eta kontsumo arduratsua sustatzea dituzte helburu nagusitzat.

Bihar, 17:00etatik 20:00etara, Traña-Matiena plazan garatuko dituzte Baserri Eguneko ekitaldi gehienak, baina euria egiten badu, pilotalekura lekualdatuko dituzte ekitaldiak.

Abadiñoko baserrietako ortuariak, eztia, ogia, gazta, txakolina eta beste hainbat produktu ipiniko dituzte Baserri Egunean salgai, eta ardiak eta ahuntzak ere eramango dituzte baserritarrek Traña-Matienara, umeen gozamenerako. Haurrentzako tailerretan, plastilina ekologikoagaz eta artileagaz jolasteko aukera eskainiko diete umeei, eta txokolatezko taloak egiten ere ikasi ahalko dute. Gainera, herri kirolek ere edukiko dute Baserri Egunean lekurik. Besteak beste, III. Txapel Jaurtiketa Lehiaketa jokatuko dute. Kategoria banatan lehiatuko dira haurrak eta nagusiak.


Baserri Eguneko egitarauaren barruan, bestalde, hainbat eskola ume eta beharrizan bereziko lagun hartuko dituzte Alluitz Natura baserrian, datozen egunetan; baserriko bizimodua ezagutuko dute, eta gazta zelan egiten den eta artilea zelan lantzen den ikusiko dute, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!