Hiru eguneko egitaraua prest Aitte Kurutzeko jaietarako

Anboto 2014ko irailaren 12a

Gaur, bihar eta etzi ospatuko dituzte Aitte Kurutzeko jaiak Zelaieta auzoan. Hiru egunetarako egitaraua prestatu du, horretarako, auzoko Jai Batzordeak. Pijama eta Kamisoi Eguna ospatuko dute gaur, eta umeen eta helduen ohiturazko patata dantza egingo dute, besteak beste, 19:00etan jaien hasiera iragartzen duen Donien Atxa altxatu, eta 20:00etatik aurrera Lotxogaz erromerian dantzatu eta gero.

Jolasean eta jan-edanean igaroko dute jaietako bigarren eguna, bihar: umeentzako tailerrak, txirikila jokoa, eta ugarixo eta tortilla txapelketak egingo dituzte, esaterako.

Domekan, San Fermin jaiak gaitzat hartuta, Mozorro Eguna ospatuko dute Aitte Kurutzeko jaietan. Prozesioa egingo dute 11:45ean, herri bazkaria 14:00etan, eta entzierroa 17:00etan. Etzilimoren erromeriagaz emango dituzte aurtengo jaiak amaitutzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!