Asteburuan jaietan murgilduta egongo dira Mendiolan

Anboto 2014ko uztailaren 11

Kontzertuak izango dira Mendiola auzoko jaietan aurkeran, gaur: Odolkiak Ordainetan, Arkada Social eta Las Tea Party DJaren doinuak izango dira entzungai; Tafallako rockabillya, Arrasateko punka eta Bilboko elektronika, hurrenez hurren. Bihar, bestalde, eguerdian abiatuko dute egitaraua auto klasikoen erakusketagaz. Ondoren, herri bazkarian elkartuko dira 14:30ean, eta umeentzako jolasak egingo dituzte arratsaldean, 16:30etik aurrera.

 

Gainera, Mendiolako jaietan tradizio handia duen hitzordu bat izango da bihar, 17:30ean: artzain-txakurren txapelketa. Tortilla txapelketagaz, Luhartzen erromeriagaz, bolo txapelketagaz eta txokolate-janagaz amaituko dute eguna.


Eguaztenean hasi zituzten Mendiolako jaiak, eta Jai Batzordeak domekara arteko egitarau zabala  antolatu du. Domekan, 13:00etan kenduko dute Donien Atxa. Baina horren aurretik meza, Alluitz dantza taldearen emanaldia eta jaietako errifen zozketa egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!