Nekazaritza industrialaren kontrako kontzentrazioa egin zuten, McDonald's parean, barikuan

Anboto 2014ko ekainaren 30a

AEBtako janari lasterraren McDonald's multinazionalaren Abadiñoko jatetxe berriaren parean kontzentrazioa burutu zuten barikuan, Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak deituta.

 

EHNEk adierazi duenez, Abadiñoko jatetxe berriaren irekiera salatzea eta "multinazional hau nekazaritza industrialaren eta kalitate txarreko elikaduraren ordezkari nagusienetakoa" dela gogoratzea izan da mobilizazioaren helburua.

Nekazarien sindikatuak azpimarratu zuenaren arabera, "Abadiñoko Udala gure inguruan nozitzen ditugun egoera askoren eredu tristea da: orain dela urte batzuk Erralde hiltegiaren aldeko apustua egin zuen, eta orain alkateak berak zuzenean kudeatu du McDonald's eta Burger King herrira ekartzea".

Bertako nekazaritza eta abeltzaintza indartuko dituzten politika publikoen beharra aldarrikatu du EHNEk: "Elikagaiak bertan ekoiztu eta bertan kontsumitzea ahalbideratuko duten politikak martxan jartzea egin daitekeen inbertsiorik onena da: beharrezkoa da elikagaien transformaziorako estrukturak indartzea, lurra zaindu eta baserrian aritu nahi duten gazteen esku uztea, eta bertako produktuen kontsumoa bultzatzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!