Animalien ordenantza "zorrotzago" betearaziko du udalak

Anboto 2014ko ekainaren 16a

Txakurren jabeek korotzak batzen dituztela eta txakurrak lotuta daramatzatela segurtatzeko, animalien ordenantza "zorrotzago betearaziko" duela adierazi du Abadiñoko Udalak.

 

Hirigunean dabiltzanean txakurrak uhalagaz lotuta erabiltzera eta arraza arriskutsukoak ahokoagaz eroatera behartuko ditu Udaltzaingoak. 

Komunikabideetara bidali duen oharrean eman du Abadiñoko udaleko gobernu taldeak asmo horren berri. Jose Luis Navarrok ohar horretan dioenez, "herritar askoren kexak heldu dira kalean gero eta txakur korotz gehiago ikusten delako", eta kexa horri konponbidea eman nahian jarri dute kontrol kanpaina berria martxan.

"Badakigu txakur jabe gehienek ondo zaintzen dituztela euren txakurrak", dio alkateak, "arazoa besteak dira: korotzak batzen ez dituzten txakurdun apurrak. Kaleak garbi egon daitezen, horiek nahi ditugu behartu euren eginbidea betetzara".

Arlo honetan arauak hausten dituztenentzako honako isunak aurreikusten ditu animaliak edukitzeko udal ordenantzak: 30 eta 300 eurora bitarteko isunak jaso ditzakete arau-hauste arina egiten dutenek (txakur-korotzak ez batzeagatik, txakurrak lotu barik eramateagatik), 1.500 euro artekoak larriek (txakurra txertorik barik edukitzeagatik, esaterako), eta 1.501 eurotik 15.000 euro artekoak arau-hauste larriengatik (txakurrei tratu txarrak emateagatik, adibidez).

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!