Udaleko zenbait lanposturi erabateko disponibilitatea eskaintzea onartu dute

Anboto 2014ko mai. 11a, 09:00
Euskara, Berdintasuna eta Kultura arloko teknikarien soldatei gehikuntza osagarria onartu diete; aho batez onartu dute udaleko lanpostuen zerrendan aldaketa horiek egitea.

 

Udalean ordezkaritza daukaten hiru alderdiek urte hasieran aho batez onartu zuten udaleko langileen zerrendako zenbait lanposturen balorazioan aldaketak egitea adostu dute Abadiñoko Independenteek, Bilduk eta EAJk.  José Luis Navarro alkateak azaldu zuenez, joan zen martitzeneko udalbatzarreko aldaketa horrekin, Euskara, Kultura eta Berdintasun arloetako teknikarien, Udaltzaingoko buruaren eta mendiko teknikarien soldatei gehikuntza osagarria egingo die Abadiñoko Udalak: %5eko igoera osagarria onartu dute Euskara Arloko teknikari lanpostuarentzat, eta %10ekoa Kultura eta Berdintasun arloetako teknikari eta udaltzainburu lanpostuentzat.

Aldaketagaz udaleko arloen funtzionamendu egokia bermatzea dela helburua azpimarratu zuen alkateak. Azaldu zuenez, langileen eskaria izan da lanpostu horiei erabateko disponibilitateak dakartzan lan baldintzak onartzea: “Udaleko langileen zerrenda onartu genuenean, langileek asanbladan adostu zuten lanpostu bati ere ez esleitzea erabateko ardura, baina eguneroko jardunean ohartu dira euren lana behar bezala egiteko erabateko arduragaz jardun behar dutela”.

Bilduko Aitor Azuetak azpimarratu zuenez, “euren lanaldietatik kanpo aritu dira langile horiek, eta balorazioa egin zenean ez zen hori kontuan hartu. Ados gaude teknikarien lanorduetatik kanpo udaleko arloa hankamotz geratu ez dadin langile horiei disponibilitate maila altuagoa onartzeagaz”.  


Eneko Etxebarria jeltzaleak ere EAJ ados dagoela adierazi zuen: “Oso garrantzitsua da gauza hauek arautzea; izan ere, udalak eman behar dituen zerbitzuak egokiak izatea geure ardura da”.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!