Alfredo Baeschlin arkitektoaren omenez berbaldia antolatu dute

Anboto 2014ko maiatzaren 2a

Berbaldia antolatu dute Abadiñon, maiatzaren 9rako, herriko hiribide bati izena ematen dion Alfredo Baeschlin arkitektoaren figura ezagutarazteko eta bere lana goraipatzeko.

 

Doakoa izango da ekitaldia, eta 19:00etan hasiko da, Errota Traña-Matienako kultur etxean.

Baeschlin arkitekto suitzarra hil zela 50 urte bete dira aurten, eta bere lanari eta bizitzari buruzko azalpenak emango dituzte hitzaldian. Aita bezala arkitektoa den bere semea, Castelloko Jaume I unibertsitateko Juan Antonio García Esparza irakaslea eta Jose Luis Lizundia euskaltzain emeritu abadiñarra izango dira hizlariak.

Aitaren bizitzaz ariko da Baeschlin semea, Juan Antonio García Esparza irakasleak herri arkitekturaz eta nortasunaz egingo du berba, eta Baeschlini lotuta Abadiñok munduan izandako proiekzioa hartuko du Lizundiak berbagai.

Berbaldia aurkezteko udalak komunikabideetara zabaldu duen informazioan esaten denez, Alfredo Baeschlinek urte bi eman zituen Abadiñon bizitzen. Leku askotan jardun zuen landetxeen inguruko azterketa bertatik bertara egiten: Galizian, Eivissan, Valentzian... Euskal Herriko arkitektura tradizionala ikertzeko, Durangaldeko baserri-etxeen tipologia sakonean aztertu zuen, besteak beste. Oharrean azaltzen denez, “beste lan batzuen artean, Ajuria Enea jauregia diseinatu eta euskal baserriari buruzko liburua argitaratu zuen”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!