Errotan zein Mediatekan eman daiteke udalekuetarako izena

Anboto 2014ko apirilaren 24a

Maiatzaren 9ra arte dago Abadiñoko udalak antolatu dituen udalekuetan izena emateko aukera.

 

Hiru eta hamasei urte arteko umeei zuzenduriko eskaintza da udara begira Abadiñoko Udalak zabaldu duena. Ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 11n amaituko dira udalekuak.

Udalak jakitera eman duenez, "ekintza ludikoak euskaraz" burutuko dituzte udaleku horietan izena ematen duten umeek. Adinaren arabera banaturiko taldeetan egongo dira umeak; ludoteka antolatuko dute 3 eta 5 urte artekoentzako, 6 eta 9 urte artekoekin irteerak eta tailerrak egingo dituzte, eta 10 eta 16 urte artekoek hainbat tailer eta kirol praktikatu ahalko dituzte.

Hiru eta bederatzi urte artekoen udalekuak Abadiñon erroldatutakoei daude zuzenduta, eta 60 eurokoa da matrikularen prezioa; Abadiñon erroldatutako 10 eta 16 urtekoen matrikula, aldiz, 70 eurokoa da (90koa beste herri batzuetako umeentzat).

Abadiñoko Udalak aurreratu duenez, deskontuak izango dituzte, besteak beste, familia ugariek edo seme-alaba bat baino gehiagoren izena ematen dutenek.

Traña-Matienako Errota kultur etxean edo Mediotekan eman daiteke izena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!