Zapatuan zabalduko dute Gerediagako foru zelaia

Anboto 2014ko api. 2a, 09:45

Komunikabideetara bidali duen oharrean eman du Gerediaga Elkarteak jakitera, zapatu honetan, apirilaren 5ean, zabalduko dutela Gerediagako Foru Zelaia. Asteburuetan eta Aste Santuan bisitarientzat zabalik egongo da gunea.

 

Gerediaga Elkarteak, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Durangoko Merinalderaren Amankomunazgoak eta Abadiñoko Udalak adostu bezala, neguan 10:00etatik 18:00ak arte egongo da juntetxearen ingurua zabalik, eta 10:00etatik 20:00etara, udan.

Irekiera ordutegi horregaz proba egingo dute datozen asteetan, eta "tartean dauden erakundeek esperientziaren balorazioa burutuko dute", ondoren.

Gerediaga Elkarteak aurreratu du, beste ekimen batzuk ere burutzeko asmoa dutela, Gerediaga Elkarteak, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Durangoko Merinalderaren Amankomunazgoak eta Abadiñoko Udalak, elkarlanean. Besteak beste, bisitariek leku honen balio kultural eta artistikoa ezagutu dezaten, "seinaleztapen-sistema baten diseinua" gura dute burutu.

"Batzartoki honen garrantzia historikoa ukaezina da", azpimarratu du, Gerediaga Elkarteak, ohar horretan: "600 urtean, gutxienez, Durangoko Merinaldeko batzar nagusien tokia izanik, gure eskualdeko leku historiko garrantzitsuena eta ikur nagusia da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!