Trenbideak hartzen zuen espazioa atontzeko modua aztertzen dabiltza

Anboto 2014ko mar. 14a, 12:00

Bertan behera utzita, abandonatuta egon da trenbidearen inguru hau azkenaldian.
Euskal Trenbide Sarearekin harremanetan ipini orduko, Abadiñoko Udala datuak bildu, eta aukerak aztertzen dabilela azaldu du, asteon, Jose Luis Navarro alkateak. Hainbat proposamen helaraziko dizkio gobernu taldeak ETSri, alkateak azaldu duenez, lurperatu arte lehen trenbideak hartzen zuen espazioa atontzeko. Ahalik eta lasterren espazio hori erabilera publikora zabaldu gura du udalak

 

Ahalik eta lasterren atondu gura du udalak Injectametal enpresaren eta Traña-Padura industriagunearen arteko gunea. Espazio hori berreskuratzea da asmoa, auzotarrek gunea erabiltzeko gutxieneko baldintzetan ipintzea: berdegune edo aisialdirako gune bezala atontzea.

Izan ere, Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak esan duenez, ETS Euskadiko trenbide azpiegituren kudeatzaileak adierazi du ez daukala gune horren berrurbanizazioa egiteko dirurik. Horregatik, Navarroren berbetan, Abadiñoko Udala aztertzen dabilen aukerak kosturik ekarriko ez luketenak dira. “Ahalik eta gehien erraztuko diegu dena, ezetz esaterik eduki ez dezaten: ez da erraza izango, baina horretan dihardugu lanean”, dio Navarrok. Helburua da soluzioak gasturik ez eragitea, ez ETSri, ezta Abadiñoko Udalari ere.

Baina alkateak jakinarazi duenez, oraindik ez dute zehaztu Abadiñoko Udalaren eta ETS-ren arteko batzar horren data, eta gobernu taldeak ez du aurreratu gura izan zer aukera dabilen aztertzen.

Bertan behera utzita egon da Traña-Matienako trenbidearen inguruko eremua, azkenaldian. Alkateak azpimarratu duenez, “lurpeko geltokiko lanak amaitu arte zain egon gara, eta erdi utzita egon da espazio hori”. Lanak amaitu ostean hasi behar ziren gunea atontzen, eta Navarrok adierazi duenez, “behin lanak amaituta hartu dugu sorpresa, ETSk konponketa horiek egiteko dirurik ez daukala erantzun digunean”. 

Errota kultur etxean batzarra egin zuten hilabete hasieran, gai honi buruzko informazioa zabaltzeko. Gobernu taldeak ETSrekin batzarra egiteko asmoa agertu zien auzotarrei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!