Traña-Matienako osasun zentruko lanen zorrak ordaintzea eskatu dio Udalak Jaurlaritzari

Anboto 2014ko martxoaren 10a

Ohar bidez eman du Abadiñoko Udaleko gobernu taldeak jakitera, "milaka euroko" zorra bueltatu diezaiola eskatzeko auzia jarriko diola Osakidetzari. Traña-Matienako osasun zentroan burutu zituzten lanek udalari sorturiko gastuak bueltatzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari.

 

Oharrean azaltzen denez, plaza pribatu baten konponketagatik 23.000 euro zor dizkio Osakidetzak Abadiñoko Udalari, eta azken urteotan udalak ordaindu ditu osasun etxearen hainbat konponketa (teilatuarena, kasurako). Zor diona bueltatzea eskatu dio Udalak osasun sailari. Abadiñoko Udaleko gobernu taldeak dioenez, "komunitateko hileroko gastuak ere ordaindu barik dauzkate".

2010eko abenduan Matienako jubilatu egoitzaren lokala Osakidetzari lagatzea onartu zuen Abadiñoko Osoko Batzarrak, eta Abadiñoko gobernu taldeak azaldu duenez, "nahiz eta lokala Osakidetzaren eskuetara igaro, jabetza-aldaketaren eskriturak ez ziren egin. Geroztik eskrituretan Udala agertzen da bai lokal horren bai antzinako Osasun Zentroko lokalaren jabe".

Jose Luis Navarro alkateak adierazi duenez, urteak daramatzate Osakidetzari idatziz zein telefonoz Matienako Osasun Zentroko lokala bere izenean eskrituratu dezala eskatzen. Navarroren berbetan, baina, "Osakidetzako arduradunek ez-entzunarena egiten dute komunitateko gastu orokorrak eta eraikinean egiten diren lean guztiak ordaintzen jarrai dezagun. Penagarria da udal bati holako tratua ematea, batez ere botere gehiegikeria hori administrazioak berak egiten duenean udal ahalgabe baten kaltetan".

Jose Luis Navarro alkateak dio tamalgarria dela Eusko Jaurlaritza izatea zorduna, eta "itsu-itsuan" errefusatzea osasun zentrua dagoen barrutia eskrituretan bere izenean ipintzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!