Gerediagako juntetxearen ingurua auzotarrei eta bisitariei zabaltzeko formularen bila, negoziatzen dabiltza Durangaldeko Amankomunazgoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiak. Martitzeneko udalbatzarrean jakinarazi zutenez, momentuz, gunea asteburuetan zabaltzea eta proba egitea da asmoa.
Gerediagako auzotarren eta Abadiñoko Udalaren urtetako eskaria aintzat hartzea eta espazioa jendeari zabaltzea gura dute. Izan ere, ikuspuntu kulturaletik zein turistikotik aukera asko eskaini ditzake espazio horrek, betiere gune historikoaren kontserbazioa bermatuta.
Eneko Etxebarria EAJko zinegotziak egindako galderari erantzunez Jose Luis Navarro alkateak udalbatzarrean azpimarratu zuenez, Abadiñoko Udalak erraztasun guztiak ipini ditu beti Gerediagako ermita zabaldu ahal izateko: "Garbiketaren eta segurtasunaren ardura Abadiñoko Udalak hartzea proposatu genuen duela bost urte Bizkaiko Batzar Nagusietara bidali genuen gutunean. Beti egon gara espazio hori jendeari zabaltzearen alde, baina azken erabakia eurena da".