Aho batez onartu dute terrazen ordenantza

Anboto 2014ko otsailaren 26a

Abadiñoko Independienteak taldeko, Bilduko, eta EAJko ordezkari guztiek bozkatu zuten taberna eta jatetxeen terrazak arautzeko ordenantzaren alde.

 

Abadiñoko Udalean ordezkaritza daukten hiru alderdi politikoek nabarmendu dute beharrezkoa zela terrazen gaia arautzea. Araudia osatzeko alde guztiak lankidetzan jardun direla azpimarratu dute. Aurreratu dutenez, ostalariek urtebete izango dute euren terrazak ordenantzak agintzen duenera egokitzeko.

Udal gobernu taldeak azaldu duenez, ordenantza berriaren helburua, "taberna eta jatetxeek mahaiak eta aulkiak kalera ateratzea da", baina ziurtatzen gura du baita, hori "era ordenatu batean, eta beste inori kalterik eragin barik egitea".  Jose Luis Navarro alkateak esan du, ordenantzak "herritarren aisialdirako zein atsedenerako eskubideak bermatu" gura dituela: "Nahi dugu Abadiñoko kaleak bizi egon daitezen, baina baita hori modu harmoniatsu eta arautu batean izan dadila".

Ordenantza hau "beharrezkoa eta positiboa" dela azpimarratu zuen Saioa Zuazubizkar Bilduko zinegotziak. Alde guztiek lorturiko adostasuna azpimarratu, eta eskaria luzatu zion gobernu taldeari, hau bezalako gai konplexuak lantzeko alde guztiekin batzarrak deitu ditzala aurrerantzean.

Beste eskari bat luzatu zuen Eneko Etxebarria zinegotzi jeltzaleak ere: "Ordenantza gauzatzerakoan malgua izan dadila udala, eta aldaketaren bat egin beharra badago gauzatu dadila".

Gobernu taldeak azaldu du, ostalarien elkarteak ordenantza honi aurkeztu dizkion hainbat alegazio ez dituztela aintzat hartu. Besteak beste, irekiera ordutegia zabaltzea edo mahai eta aukietan publizitatea ipini ahal izatea eskatu zuen ostalarien elkarteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!