"Kudeaketa arduratsuagoa" eskatu diote Bilduk eta EAJk udal gobernuari

Anboto 2014ko urtarrilaren 29a

Bilduk aurkeztu zuen atzo Abadiñoko Udalean burutu zuten ohiko bilkurara, udal gobernuaren kudeaketa kritikatzen duen mozioa. Oposizioko bi taldeek egin bozkatu zuten mozioaren alde

 

Bilduk prestatu eta atzoko udalbatzarrean jeltzaleekin batera onarturiko idatziaren arabera, "gobernu taldearen jarrera inmobilista" delako aurkeztu dute lau eskaera zehatz egiten dituen mozioa.

Udal batzordeetan landu beharreko gaien inguruko informazioa ez dutela behar beste aurrerapenarekin jasotzen salatu dute Abadiñoko Udaleko Bilduk eta EAJk. "Oposizioak batzordera gaia prestatuta eramatea oztopatzen du" gobernu taldeak, euren ustez: "Oposizioaren lanari mugak ipintzen" dizkiote. Gobernu taldeak "eztabaida ekiditeko mota askotako trikimailuak" darabiltzala uste dute oposizioko alderdi biek.

Bilduko bost zinegotzien eta jeltzale bien bozkekin onartu dutebn idatzi honen bitartez, lau eskari luzatu dizkiote udal gobernuari: "Batzordeetako gai ordenean sartuta egon daitezela landuko diren gai guztiak"; "Gaien inguruko informazioa aurrez jasotzea"; "Gai ordenean dauden gaien inguruko erabakiak batzordean bertan hartzea, ez telefonoz, edo mailez"; eta "Udalak batzorde horretan eragiten duten proiektu guztien inguruko informazioa ematea".

Bere taldeak mozioaren kontra bozkatuko zuela iragarri zuen Jose Luis Navarro alkateak. Bere ustez ere, oposizioak gobernu taldeak daukan informazioa eduki behar duela eskura, adierazi zuen, baina gobernuak informazioa izkutatzeko trikimailurik darabilenik gezurtatu egin zuen Navarrok. "Ez dut konpartitzen hartu duzuen biktima paper hori", erantzun zion alkateak Aitor Azueta Bilduko bozeroaleari: "Mozioan gure jardunaren gainean berba egiteko darabilkizuen adjetiboak ezin ditugu onartu. Horiek kenduta, prest geundeke bertan aipatzen dituzuen lau puntuekin bat egiteko".

Bilduk mozioan aipatzen dituen lau puntuekin bat egiten duela azaldu, eta alde bozkatu zuten EAJko bi ordezkariek. Udal gobernuaren lau eskariekin bat egin arren, udal gobernuaren partetik "oposizioaren lana zailtzeko" borondaterik dagoenik ez dutela uste zehaztu zuen Eneko Etxebarria bozeroale jeltzaleak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!