Erralderen desegiteak sortutako zorraren ordainketa negoziatzen

Anboto 2014ko urt. 17a, 06:00

Erralde hiltegia gauzatzeko sozietatea sortu zutenean eskaturiko kredituen ordainketa zelan egin banketxeekin negoziatzen dabil Abadiñoko Udala. Horrela azaldu du Jose Luis Navarro alkateak. Sozietatean eduki zuen partearen arabera, eta iaz Erralde likidatzeko prozesua abiatuta, 400.000 euroko zorra dauka Abadiñok bankuekin. Izan ere, hiltegia eraikitzeko behar zen lursaila erosteko kreditua eman zuten bankuek.

Sozietatearen akziodun nagusia zen Abadiñoko Udala, eta Erralderen desegiteak eragindako zorrik handiena ere udal horrek dauka. “Hasieran zorra ez genuela ordainduko adierazi genuen, baina ikusi dugu, aholkulariekin egoera aztertuta, zorra onartu eta ordainketa era negoziatu beste aukerarik ez daukagula”, dio alkateak. “Langileekiko eta abeltzainekiko ordaidu genuen zorra, eta ahotan darabilguna batuta, Erralderen itxieragaz 500.000 euro galduko ditu Abadiñoko Udalak: Abadiñorentzat galbidea izan da proiektu hori”.

“Argi dago zorra ordaindu behar dugula: gure erantzukizuna da”, dio Eneko Etxebarria EAJko bozeroaleak ere. “Zorra atzeratu zitekeela esaten zuenean, txarto aholkatuta zegoen gobernu taldea”. 

Gaiaren inguruko “informazio askorik” ez dietela transmititu adierazi du, bestalde, Aitor Azueta Bilduko zinegotziak. Bide beretik jo du Etxebarriak ere: “Dakigun bakarra da banketxeekin berba egiten dabiltzala”.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!