Laguntza behar duten Abadiñoko familien artean banatuko dute Elkartasun Azokan batutakoa. Traña-Matienako eskolako guraso elkarteak antolatu du azoka hori, eta azarotik abendura bitartean burutu dute. Antolatzaileek esan dutenez, 2.000 euro eta 200 kilo janari eta arropa batu dituzte.
Arazo ekonomikoak dituzten herritarrei laguntzeko asmoz antolatu dute Elkartasun azokaren bigarren edizioa. Antolatzaileen berbetan, bildutako diruarekin txandalak eta kirol zapatilak erosiko dituzte: laguntza behar duten "familia horietako askok horrelako gauzak behar izaten dituzte etxeko umeentzat", diote guraso elkartekoek.
Eskerrak eman zizkieten antolatzaileek, azokan parte hartu duten abadiñar guztiei: "Jendeak eman duen laguntzari esker, herriko familia askok nasaiago igaroko dituzte aurtengo Gabonak".