Traña-Matienako kiroldegia erabili gura duten elkarte eta erakundeek dagoeneko badute aukera dagokion erreserba egin eta tasa ordaintzeko. Astolako udal igerilekuetara jo behar dute horretarako.
Orduko 24 euro ordaindu beharko dute kiroldegia erabiltzeko herriko elkarte eta erakundeek, eta, enparauek orduko 34 euro. Ima Zapardiez kirol arloko zinegotziak azaldu duenez, herriko taldeek hartuta dituzte dagoeneko behar dituzten orduak, baina, badago oraindik hartu bako ordurik, batez ere, asteburuan.
Elkarte eta erakunde pribatuek badute aukera Traña-Matienako kiroldegian tokia erreserbatzeko gura dituzten entrenamendu, ikastaro eta kultur zein kirol ekintzak egiteko. Abadiñoko Udalak kiroldegiaren erabilera arautzeko onartu berri duen ordenantzan jaso dute aukera hori.