Abenduaren 19an, 20:00etan, Errota kultur etxean egingo dute Abadiño Sarien banaketa ekitaldia. Igor Urien pilotoak, Maria Blasa Belar Uriarte baserritarrak, Normandina Alvarez eta Manuela Valbuena Caritaseko boluntarioek, eta Geu Be elkarteak jasoko dute, aurten, Abadiñoko Udalaren esker ona eta aitortza.
Herritarrek askotariko esparruetan egindako lana aitortu eta saritzea da Abadiño Sarien helburua. Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, abadiñar ezagunak ezezik, "jende gehienarentzat ezezagunak diren gizon eta emakumeak" ere sarituko dituzte.
Igor Urien pilotoak jasoko du, aurten, Nazioarteko Arrakastaren Abadiño Saria; Ibilbidearen saria jasoko du premia bereziko familiekin lan egiten duen Geu Be elkarteak; Sari Berezia emango diote baserriko lanari bizitza osoa eskaini dion 85 urteko Maria Blasa Belar Uriarte baserritarrari; eta Caritas elkartetik herriko hainbat familiari emandako laguntza desinteresatuagatik, Normandina Alvarez eta Manuela Valbuenari Lan Isilaren saria.
Abenduaren 19an emango dituzte bost sari horiek, Traña-Matienako kultur etxean, eta Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldira bertaratzera.