Bost hilabete greban, eta mobilizaziora salto egin dute. Tratamientos Térmicos Iurreta (TTI) enpresako bederatzi beharginek ekainaren 18an hasi zuten greba, eta euren aldarrikapenak bete bitartean borrokan jarraituko dutela azaldu dute. Durangon, prentsaurrekoaren ostean, manifestazioa egin dute ELAko 40 bat delegaturen babesagaz. Enpresa hitzarmen bat sinatu gura dute, “lan baldintza duinak” bermatu eta Lan Erreformatik babestuko dituena.
ELA sindikatuaren Durangoko egoitzan egin dute berba. Jose Mari Rementeria delegatuak azaldu du egoera ez dela erraza, baina eurak batuta daudela: “Bederatziak batuta gaude, eta horrek egiten du indarra”. Enpresagaz negoziatu gura izan dute, baina kritikatu dute zuzendaritzak ez duela mahaian borondaterik erakutsi. Aspaldi hasi ei ziren negoziazioa eskatzen, eta saiakeren ostean, ekainean ekin zioten grebari. ELAko Industria eta Eraikuntza idazkariak, Itziar Larrazabalek, adierazi du enpresaren jarrera itxia dela, eta langileekiko mespretxuz jokatzea egotzi dio. “Enpresa ixtea gurago dute, langileekin akordio bat lortzea baino. Hori arduragabekeria da”.
Bestalde, duela aste bi zabaldutako informazioa berretsi dute. Lan Ikuskaritzak 10.600 euroko isuna ipini dio enpresari. Grebalarien lana ordezkatzeagatik, eta grebalariei lantokira sartzen ez uzteagatik. Greba eskubidea urratu dietela, eta hori oso larria dela uste dute. Sindikatuak enpresa salatu du, eta epaiketaren zain daude.