Traña-Matienako kiroldegirako arautegi berria onartu dute

Anboto 2013ko aza. 11a, 12:57

2011ko irailean inauguratu zuten Traña-Matienako erabilera anitzeko eraikinaren funtzionamendua arautuko duen ordenantza onartu dute udaleko ordezkari guztiek, aho batez

2011ko irailean inauguratu zuten Traña-Matienako erabilera anitzeko eraikinaren funtzionamendua arautuko duen ordenantza onartu dute udaleko ordezkari guztiek, aho batez. Hainbat kirol praktikatzeko diseinaturiko azpiegitura hori “hobeto kudeatzea” izan dute, Jose Luis Navarro alkateak azpimarratu duenez, arautegia diseinatzerakoan helburu nagusi.

 

Ikastetxeek eta herriko elkarteek espazio horri ahalik eta probetxurik gehien ateratzea gura du Udalak, baina gobernu taldeak azpimarratu duenez, “eskola kirolari lehentasuna eman” gura izan diote. Eraikina erabili gura duten abadiñoko taldeek 24 euro, eta herritik kanpokoek 34 ordaindu beharko dituzte. 

 

Arautegi berriak zehazten du, eskola orduetan (08:30etatik 16:30era) ikastetxeek edukiko dutela eraikina heziketa fisikoko klaseetarako baliatzeko lehentasuna, eta astean zehar, arratsaldez (16:30etatik 19:00etara), eskola kirolak.

 

Gobernu taldeak jakitera eman duenez, kirol talde eta federazioek maiatzaren 30etik uztailaren 30era arteko tartea edukiko dute eraikina euren entrenamendu eta partiduetarako erabiltzeko euren eskariak egiteko.

 

Arautegi berria onartzearen alde bozkatu zuten oposizioko alderdi biek, baina "ordenantza berandu" datorrela ere azpimarratu zuten. Saioa Zuazubizkar Bilduko bozeroalearen berbetan, "eraikinak bi urte daramatza zabalik, eta ordenantzak lehenago behar zuen osatuta".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!