Berbaldi bi, dokumental eta antzerki emanaldi bana, eta tailerrak izango dira.
EHUko ikerlariek eskainiko dituzte, astelehenean eta eguaztenean, Abadiñoko Zientzia Astearen barruko berbaldi biak. 19:00etan izango dira hitzaldi biak, Traña-Matienako Errota kultur etxean lehenengoa, eta Txanportan, bigarrena. Arturo Alvarez-Bautistak eskainiko du lehenengo berbaldia, eta “kimikaren fama txarraren kontrako mezua” zabalduko du bertan: “Kimikaren aurrerapenei esker hobeak garela eta gehiago bizi garela frogatu” gura du. Minbiziaren tratamenduan “kimikak egindako ekarpenez” ere ariko da.
Joseba Bikandi medikuak eskainiko du azaroaren 13ko berbaldia: Inmunitatea: infekzioak baino gehiago izenburua du berbaldi horrek. “Gizakiok hainbat mikroorganismorekin sinbiosian bizi garela, eta horiekin orekan bizitzea beharrezkoa dugula” defendatuko du medikuak, eta hori lortzeko jarraibideak ere emango ditu.
Berbaldiez gainera, dokumental eta antzerki emanaldi bana, eta 3 eta 14 urte artekoentzako tailer zientifikoak ere izango dira Abadiñon: azaroaren 12an, Unibertsoari 12 begirada dokumentala emango dute, eta Oh!NDAS antzezlana izango da 14an ikusgai. Errota kultur etxean izango dira hitzordu bi horiek; eta azaroaren 15ean, probalekuan, tailerrak.