Hiru urtean igo barik mantendu ditu zerga eta tasak Abadiñoko Udalak. Martitzeneko udalbatzarrean, baina, gobernu taldearen eta EAJren aldeko bozkekin onartu dute 2014 urteko zergak eta tasak %1,5 igotzea.
Igoera orokor horren kontra bozkatu zuen Bilduk, zerbitzu guztiei igoera orokorra aplikatzea ez dutela ondo ikusten argudiatuta. “Tasa horiek politika eredu berriak martxan ipintzeko erabili beharko lirateke: etxebizitza alokairua bultzatzeko, enpresa txikiak laguntzeko...”, esan zuen Ibai Urrutia zinegotziak. “Uste dugu herritar guztiek onartzeko moduko igoera dela, ez dela inorentzat traumatikoa izango”, azpimarratu zuen, aldiz, Jose Luis Navarro alkateak.
Gobernu taldearen berbetan, “udalak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea mantentzea bermatzeko, erantzukizunez jokatu dugula uste dugu: udalaren gastuek gora eta gora egiten dute, eta diru-sarrerak nolabait lortu behar ditugu: ez dugu beste aukerarik”.