Metalgintzaren alorrean dihardu, eta automobilgintzarako osagaiak diseinatu eta fabrikatzen ditu Gestamp Bizkaia enpresak. Gaur, lantegia ireki zutela 25 urte bete direla ospatzeko ekitaldia egin dute Lebarioko lantokian. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak eta Jose Luis Navarro alkateak ere parte hartu dute ospakizunean.
Mercedes Benz furgonetarako osagai metalikoak fabrikatzeko enpresaren proiektua aurkeztu du ekitaldi horretan Gestamp taldeko Riberas Mera presidenteak.
Nazioarteko enpresa da Gestamp: Abadiñoko Lebario auzokoaz gainera, ekoizpenerako beste 96 lantoki eta ikerketa eta garapenerako 12 zentro dauzka munduko 19 herrialdetan. Denera, 29.000 langilek dihardute Gestamp taldean.