"Gizalegezkoak ez diren jokabide zabarrak" kritikatu zituen alkateak joan zen asteko bandoan.
“Leihotik animaliei kalera janaria botatzea, kartoi, altzari edo kaxak kontainerren inguruan, lurrean, eta behar ez den egunetan” uztea kritikatu zituen, besteak beste, joan zen astean Jose Luis Navarro alkateak bando bidez.
Kale-garbitzaileek ahalegin handia egiten dutela herria txukuntzen, baina herritarrek Abadiño garbi mantentzen asko lagun dezaketela azpimarratu du alkateak. Ohar horretan, “hamaikagarrenez” abisatzen duela adierazi du Navarrok, “dena ez dela zilegi, eta ulertu behar dugula elkarrekin bizi garenez, errespestua zor diogula elkarri”.
Batez ere, txakurrek sorturiko zikinkeriari, eta “euren buruaz baino arduratzen ez diren txakurren jabe zabar eta ardurabakoei” buruz dihardu Jose Luis Navarro alkateak, herrian zabalduriko idatzian.
Herrian txakur kopurua asko hazi dela, eta horregaz batera, “lotu barik doazenen eta kale eta lorategietan jaso barik uzten diren txakur gorotzen” kopuruak ere gora egin duela kritikatu du alkateak: “Ez dute txakurra paseatzera ateratzen, kaka egitera baino, eta gorotzak lurrean uzten dituzte, lorezain edo herritar bat eurekin lorrindu dadin”.