Aholkularitza zerbitzua kudeatuko duen Lahia-Nahia taldeko Oihane Ugarteburu eta Eider Goiburuk eta Ima Zapardiez Gazteria arloko zinegotziak aurkeztu dute ekimen berria, Txanporta kultur etxeko agerraldian. Kultur etxe horretako lehenengo solairuko bulegoan, eta Traña-Matienako Pino plazako udalaren bulegoan eskainiko dute sexualitateari buruzko aholkularitza zerbitzua.
Bereziki gazteei zuzenduriko informazio eta aholku zerbitzua da Abadiñon martxan ipiniko duten hau, eta herriko ikastetxeetan gazteekin sexologiari eta generoari buruzko gaiak lantzen lau urte daramatzan Lahia-Nahia Sexologia taldeak kudeatuko du. Gazteei ezezik, guraso eta irakasleei ere zerbitzua eskaini gura diete. Ima Zapardiez zinegotziaren berbetan, "helburua da neska-mutilek sentitzea badutela leku bat sexualitateaz dituzten zalantzak argitu eta galderak egiteko: mito faltsuak alboratzen eta euren buruengan konfidantza hartzen lagunduko die horrek".
Lahia-Nahia taldekoek aurkezpenean esan dutenez, gazteekin ikastetxeetan izandako esperientziatik sortu da zerbitzu berri hau eskaintzeko ideia: “Saio horietan sexualitatea eta generoa landu arren, ikusi dugu maila indibidualean, gazteen zalantza konkretuak erantzuteko, hutsune handia zegoela". Lahia Nahia taldeko Eider Goiburuk azpimarratu duenez, “sexualitatearen lanketa herriko eguneroko dinamikan txertatzeak” garrantzia handia dauka, eta herriko eragileekin elkarlean ariko dira, horregatik.
Hileko bigarren astelehenean Txaporta kultur etxean, eta hileko laugarreneanean Traña-Matienan eskainiko dute zerbitzua, 17:30etatik 19:30etara. Bertaratzeko aldez aurretik hitzordurik hartu beharrik egongo ez den arren, Facebook, Tuenti eta Twitter sare sozialetan, AbadiñoSex Aholkularitza izenagaz kontuak zabaldu dituzte, eta sexuaholkularitza@abadiano.org helbidea ere eskura dauka gura duenak, arduradunekin harremanetan jartzeko.