Langileek euren eskakizunak helarazi dizkiote zuzendaritzari

Anboto 2013ko urr. 10a, 12:06

Tratamientos Termicos Iurreta enpresako langile gehienek ia lau hilabete daramatzate greban

Tratamientos Termicos Iurreta enpresako langile gehienek ia lau hilabete daramatzate greban.

Tratamientos Termicos Iurreta enpresak zentro bana ditu Abadiñon eta Iurretan. Abadiñoko zentroan bederatzi langileetatik zortzi greban daude. Datorren astean lau hilabete beteko dira greba hasi zutenetik. Aste honetan enpresako abokatuarekin batzartu dira, eta greba hasteko arrazoiak eman eta euren eskakizunak zehaztu dizkiote.

 

ELA sindikatuak enpresa horretara bideratu duen aholkularia da Jon Iñaki Etxebarria. Haren esanetan, “greba hasi zenetik lehenengoz helarazi ahal izan dizkiegu gure arrazoiak eta eskakizunak enpresari, abokatuaren bidez bada ere; orain arte gurekin batzartzeari uko egin izan diote”.

 

Bitartean, joan zen astean, Gizarte Segurantzak kudeatzen duen lan arloko ikuskaritza teknikaria etorri zen enpresara “langileen grebarako eskubideen aurka enpresak hartutako erabakiak” bertatik bertara ikusteko: “Langileak greban dauden artean bazkide bi lanean egon dira ekoizpenean, eta beste langile bat ere kontratatu dute; gainera, enpresa komiteko ordezkariari ez diote azpiegituretara sartzen uzten”, kritikatu du Etxebarriak. Teknikariak “urraketa” horiek ikusi ahal izan ditu, eta “asteon edo hurrengoan argitaratuko dute txostena”. Txostenak enpresaren jarduera zigorgarria dela badio, horrek epaitegietara jotzeko aukera irekiko lieke langileei. Horrela enpresa negoziatzen has daitekeela uste dute. Langileek metal arloko hitzarmenean zituzten baldintzak (eta gehigarri berezi batzuk) manteduko dituen hitzarmena adostu gura dute enpresagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!