Abadiñoko Udalak eta Mendiolako Alluitz Natura enpresak antolatu dute bigarren Baserri Eguna. Iaz lehenegoz antolatu zuten ekimenaren arrakastak bultzatuta, askotariko jarduerak eskainiko dituzte, irailaren 29an, Traña plazako hitzorduan.
Kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientzia zabaltzea izango dute autengo edizioan helburua: besteak beste, sasoiko eta gertuko ortuariak kontsumitzearen garrantzia zabaltzeko asmoz. Ingurugiroagaz adeitsuagoa den eta egungo errealitate sozioekonomikoa kontuan hartzen duen bizimodua bultzatu gura dute.
Birziklapenari zein autokontsumorako ortuei buruzko tailerrak eskainiko dituzte, besteak beste. Helduentzako zein umeentzako tailer eta ikastaroak izango dira, Trañako plazan. Umeek, esaterako, taloa txokolateagaz egin, plastilina ekologikoagaz jolastu eta papel birziklatuaz saskiak egiten ikasi ahalko dute. Artzainaren baserriko bizimodua eta lanbidea bertatik bertara ezagutzeko, bestalde, Alluitz Natura ekimena ezagutzeko bisita egingo dute eskolaumeek. Herriko nekazal produktuen azoka izango dute bisitariek, eskura, baita.
Iazko lehenengo edizioan ekimenak erakarritako jende andanak euren aurreikuspenak gainditu zituela, eta harrera ikaragarria izan zutela, “oso gustora geratu” zirela aitortu du Solana antolatzaileak. Iaz sortu zen giroaren erakusle, txapel jaurtiketa txapelketa izan zen: 70 lagunek hartu zuten parte. Aurten txapelketaren bigarren edizioa ospatuko dute.