Emakumeen arteko eztabaida eta prestakuntzarako guneak eskaintzeko asmoz eskainiko du Abadiñoko Udalak, Jabekuntza Eskolaren bigarren edizioa. Iaz baino hiru ikastaro eta tailer gehiago eskaini dituzte, aurten: hamaika, guztira.
Urritik maiatzera egingo dituzte ikasturte honetako Jabekuntza Eskolaren saioak, eta zabalik dago izen-ematea. Udaletxean, Errota edo Txanporta kultur etxeetan, edo berdintasuna@abadiano.org helbidera mezua bidalita eman daiteke izena.
Dantza sortzailea, teknologia berriak eta bilobak zaintzen dituzten amamen bizi-kalitatea hobetzeko ikastaroa dira aurtengo eskaintzaren nobedade nagusiak.
Iazko hainbat ikastaro eta tailer mantenduko dituzte ikasturte honetan, gainera: literaturari buruzko ikastaroak, Afrikako dantzena, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, autodefentsa, etab.
Izan ere, Abadiñoko Udaleko Berdintasun arloko zinegotzi Yanire Morenok esan duenez, Jabekuntza Eskolan iaz parte zuten emakumeen eskaria aintzat hartu dute bigarren edizio hau prestatzerakoan. Morenoren berbetan, "adin guztietako emakumeak erakarri" gura dituzte ikastaro eta tailer eskaintza zabal horregaz.