Obrak direla-eta, astelehenera atzeratu dute ikasturtearen hasiera.
Gaur hasi behar zuten 2013-2014 ikasturtea Abadiñoko Zelaieta eskolan: gaur ziren ikasturte berriaren aurkezpena egitekoak. Baina, besteak beste, eskolako jantokia handitzeko Eusko Jaurlaritzak udan egin dituen obrak amaitu ez dituztenez, astelehenera atzeratu dute ikasturte hasiera. Horrela jakinarazi diete asteon, eskolako umeen gurasoei.
Gobernu taldeak azaldu duenez, lanak astelehenerako amaitzeko, langile gehiago dabil azken egunotan Zelaietako eskolako obretan lan egiten, eta asteburuan ere lan egingo dute. “Jaurlaritzak gimnasioko, jantokiko, saskibaloi zelaiko eta ikasgeletako lanak asteon amaitzea aurreikusten du” Abadiñoko Udalak, horrela “ikasturtea astelehenean hasi ahal izateko”.
Gobernu taldeak ohar batean azaldu duenez, udan hainbat aldiz bildu dira udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren eta obrak egin dituen enpresagaz, “ikasturtea normaltasunez hasi ahal izateko, lanak aurrez ezarritako epearen barruan amaitu ditzatela eskatzeko”. Izan ere, lanak atzeratuz gero, “obrak eskolako ordutegiari eragingo liokeelako, epea betetzea behar-beharrezkoa” dela azpimarratu du Jose Luis Navarro alkateak.
Zelaieta eskolako jantokian leku arazo larriak izan dira azken urteetan: txiki geratu da azpiegitura, eta Abadiñoko Udaleko hiru alderdiak ados egon dira obra hau lehenbailehen egin beharragaz.
Lanok amaitzerakoan, Haur eta Lehen Hezkuntzarako eraikin berriak atontzeko abuztuan udalak abiatu zuen obrarekin jarraituko dute. Lan horiek kurtsoa hasi eta gero egingo dituzte.osasdsdbe.