Gaztelua, ermita eta baserrietan zehar, oinezkoen pasealeku ohikoa da

Anboto 2013ko ira. 8a, 08:01

San Martin ermita eta askotariko baserri interesgarriekin batera, bertatik egunero ibiltzen diren ibiltari kopuruarengatik bereizten da Abadiñoko Gaztelua auzoa

San Martin ermita eta askotariko baserri interesgarriekin batera, bertatik egunero ibiltzen diren ibiltari kopuruarengatik bereizten da Abadiñoko Gaztelua auzoa.

 

Zelaietatik Astolarako bidea Gaztelua auzotik egitea oinezko ibiltari askoren ohitura da. Eguraldiak laguntzen badu, eguneko edozein ordutan ibiltzen dira oinezkoak zein bizikletariak, Gazteluak bisitaria arazo mundutarretatik aldendu, eta buruari atsedena eskaintzeko ezaugarri hori duelako. Bertan dago, baina, aldi berean, hiriguneetatik aparte. Gerediagatik Elorriorako errepide berriko obrek ere ez diote kendu xarma hori. Udalak lan horien ondorioz zirkuitu alternatiboak prestatu ditu, eta hainbat tokitan (Astolan, Gazteluarako bidegurutzean, esaterako) ipini ditu horien gaineko informazio panelak.

 

Gazteluak oso ezaguna den ikur bat baldin badu, hori San Martin ermita da. Astolatik Zelaietarako ibilbidearen erdian dago, asfaltuzko bidearen gorengo puntuan. Abadiñoko toponimia; ahozko iturburuak iturri dokumentalak eta bibliografikoak liburuak jasotzen duenez, sasoi batean San Martin izeneko ermita bi egon ziren Gazteluan: “Bata Aranekoa (zutik dagoena), bestea Gazteluarriaga baserriaren inguruan”. Bietan Sanmartinbasoak daude. German Abarrategik dio bere aitari entzunda daukala, inoiz ikusi zuela teila zatiren bat Sanmartinbasoan, eta oraindik galtzada ere geratzen da. Gaur egungo ermitak hainbat eraberritze izan ditu. Horietako bat 1702an izan zen. Liburu berean, Felipe Belarrek idatzitako Historia de la Parroquia de Santorcuarto de Abadiano lanari egiten dioten erreferentzia jasota jakinarazten dutenez.

 

"...Gaztelu kofradian aurretik egondako ermita biren materialekin eraberritu zuten, zeintzuek elizbarrutiko Probisorearen lizentziagaz eraitsi zituzten”.

 

Baserri interesgarriak

San Martin ermitaz gainera, hainbat baserri interesgarri daude Gazteluan. Burguieta-Atzekua eta Gaztelugoya baserriak, esaterako, XVI-XVII. mendekoak dira. Burgieta-Atzekuako aurrealdean egurrez eta adreiluz osaturiko egitura dotorea ikusi daiteke. Bizileku bateko baserria da, eta ateburudun ataria du. Baserri horiez gainera, Etxebarria, Iturriaga-Etxebarria eta Gaztelu-Goitia, arku bakarrekoak, zein Arezti, arku bikoitzekoa, azpimarratu daitezke, denak XVIII-XIX. mendekoak.

 

Askotariko paisaiak Baserri eta ermita konkretuez gainera, Gazteluako goialdetik paisaia ederrekin gozatu daiteke. Bideko une batzuetan, zelai eta basoen bestaldean, Traña-Matienaren panoramikagaz gozatu daiteke, eta begirada harago bideratuz gero, Durangoko hainbat eraikin ere bistaratzen dira. Anboto mendizerrako tontorrak ere gertu daudela dirudi Gazteluatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!