Gaur, 19:00etan ipiniko dute Donien-atxa, eta bihar eta etzirako ere jai egitarau zabala prestatu dute.
Gaur iluntzean hasiko dituzte Muntsaratz auzoko jaiak: Donien-atxa altxatu ostean, ardi txakurren erakusketa, Kalitatea Fundazioaren laguntzagaz antolaturiko parrillada eta DJaren emanaldia izango dira. Bihar eta etzirako ere goiz, arratsalde eta gauerako ekitaldiak antolatu dituzte Muntsaratzeko jaietan.
Jaietako egun nagusia bihar ospatuko dute; mozorro eguna antolatu dute, eta jantzirik onena aukeratzeko lehiaketa egingo dute, besteak beste.
Umeentzako askotariko ekitaldiak ere izango dira bihar goizean zein arratsaldean: buruhandiak ibiliko dira 11:00etatik auzotik, eta puzgarriak eta tailerrak ere egongo dira.
Gainera, paella eta tortilla lehiaketa ere egingo dituzte bihar. Bazkalostean, mus eta tute txapelketak jokatuko dituzte, eta dantzaldiagaz borobilduko dute jaie-egun nagusia.
Domeka goizean ere edonork gozatzeko moduko ekitaldiak izango dira Muntsaratzeko jaietan; 14:30ean herri bazkaria egingo dute, ludoteka eta diskoteka txikia atonduko dituzte, eta 19:00etan, txokolatadagaz amaituko dituzte jaiak.