Gaur abiatuko dituzte San Kristobalak Mendiolan

Anboto 2013ko uzt. 9a, 12:21

Gaur iluntzean ekingo diete San Kristobal jaiei Mendiola auzoan. Txistulariek girotuko dute jaien hasiera, eta 19:00etan altxatuko dute Donien Atxa. Bost egunetarako egitaraua prestatu du jai batzordeak

Gaur iluntzean ekingo diete San Kristobal jaiei Mendiola auzoan. Txistulariek girotuko dute jaien hasiera, eta 19:00etan altxatuko dute Donien Atxa. Bost egunetarako egitaraua prestatu du jai batzordeak.

 

Jaiei hasiera emateko ekitaldira gerturatzen direnentzako berakatz zopa banatuko dute, gaur, eta bertsolarien saioa izango da ondoren: Aitor Bizkarra abadiñarrak, Peru Magdalena durangarrak eta Fredi Paia algortarrak kantatuko dute Mendiolako jaien hasieran.

 

Goizeko ekitaldia antolatu dituzte Mendiola auzoan, biharko: Abadiñoko dantzarien emanaldia izango da, esaterako, meza ostean.

 

Gauerako egitaraua prestatu dute, aldiz, barikurako: Durangaldeko The Mockers eta Trastorno taldeek eta Irungo BAD Sound System taldeek kontzertua eskainiko dute, 23:00etatik aurrera. Rock, punk eta reggae doinuak eskainiko dituzte hiru talde horiek, hurrenez hurren.

 

\"\"

 

Egun guztirako eta gustu guztietarako ekintzak eskainiko dituzte Mendiolako jaietan, zapatuan: 09:30ean Mendiola ibilaldia abiatuko dute, herri kirolak izango dira 11:30ean, kotxe klasikoen erakusketa 13:00etan, herri bazkaria, umeentzako jolasak, artzai txakur, tortilla eta bolo txapelketak, eta Luhartz taldearen erromeria.

 

Domekan, meza osteko auzoko Alluitz dantza taldearen 12:30etako emanaldiagaz emango dituzte jaiak amaitutzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!