Uztailaren 10era arteko epea zabaldu dute udaleko kultura eta kirol kontseiluetan parte hartu gura duten abadiñarrek izena eman dezaten. Errota kultur etxean edo udal mediatekan eman daiteke izena.
Kirolari eta kulturari dagozkion gaietan aholkulari bezala gura ditu Abadiñoko Udalak herritarrak, eta kontseiluetan parte hartzeko gonbidapen berezia egin diete kultura eta kirol elkarteetako kideei. Izena ematen duten herritarrek, udal taldeen ordezkari banak eta udaleko teknikariak osatuko dituzte kontseilu horiek.
Kontseiluen erabakiak ez dira lotesleak izango, baina gobernu taldeak azpimarratu du udalgintzako erabakiak hartzerakoan aintzat hartuko dituztela. Izan ere, Ima Zapardiez kirol eta kultura arloko zinegotziak esan duenez,"herriko elkarteak egunero ari dira lanean herrian eta inork baino hobeto dakite zein diren arlo bakoitzeko beharrizanak".
Kultura eta kirol kontseiluak udazkenean martxan ipintzea da gobernu taldearen helburua. Horrela, aspalditik lanean diharduen Euskara Kontseiluarekin eta laster sortuko duten Nagusien Aholku Kontseiluarekin, lau kontseilu aholkatzaile izango dira Abadiñoko Udalean.