Zabor gehien sortzen dutenek tasa altuagoa ordaintzea arautzen duen ordenantza berria onartu zuten, joan zen asteko Abadiñoko udalaren osoko bilkuran.
Janari saltokiei eragingo die, batez ere, udalak zaborren ordenantzan egindako aldaketa honek. Izan ere, sorturiko zaborraren arabera ezarriko da, aurrerantzean, zaborren bilketa zerbitzuagatik herritarrek udalari ordaindu beharreko tarifa. Jose Luis Navarro alkateak adierazi duenez, "tarifak bidezkoago egitea" izan dute tarifa aldaketa honegaz, helburua. Alkatearen berbetan, "duten azaleragatik edo jardueragatik zabor gehiago sortzen duten lokalei gehiago ordainaraziko diegu, bilketa lan handiagoa eskatzen dutelako".
Batez ere, bankuek, hipermerkatuek eta industriak ordaindu beharreko zenbatekoari eragiten dio aldaketak. Aldiz, janaria saltzen ez duten dendek orainarte baino %15-%47 gutxiago ordainduko dute aurrerantzean —denda bakoitzaren azaleraren arabera.
Ordenantza berriak jasotzen duenez, herriko jatetxe eta taberna gehienek, %5-%25 gehiago ordaindu beharko dute udalaren zabor bilketa zerbitzuagatik; eta %50 gehiago 500 metro karratu baino azalera handiago duten taberna eta jatetxeek. Era berean, 100 metro karratu baino azalera handiagoko txokoei ere %25-%75 gehiago kobratuko diete zaborren tasa.