Udaleko hiru alderdien iritziz, "lehentasunezko obra da" Zelaietako eskolan egingo duten hau.
Udaleko hiru alderdien adostasunagaz onartu zuten, atzoko osoko bilkuran, Incoc izeneko enpresari esleitzea haur eskola berria eraikitzeko lanak. Udalaren aurtengo aurrekontuko inbertsiorik garrantzitsuena da berau: 986.000 euroko aurrekontua dauka. Udaleko hiru alderdien iritziz, “lehentasunezko obra da” Zelaieta eskolan egingo dutena.
Jose Luis Navarro alkateak azaldu duenez, enpresa horrek egin du eskaintzarik merkeena: alkatearen berbetan, "askoz merkeagoa". Lanak enpresa horri esleitzeko arrazoi nagusia ekonomikoa izan da, beraz. Bestalde, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak joan zen barikutik dihardu Zelaieta eskolan jantokia eta gimnasioa handitzeko lanetan.
Alkateak udalbatzarrean azaldu duenez, udalak oraindik ez daki noiz ekin ahal izango dien asteon esleitutako lanei: alkatearen berbetan, Hezkuntza Sailak ez du obra biak elkarrekin burutzerik nahi, eta datozen egunetan zehaztuko dituzte lan bakoitzaren epeak.
Laguntza progesiboagoak
Atzoko udalbatzarrean, aho batez onartu zuten, baita, haur eskolako erabiltzaileentzako dirulaguntzen ordenantza berria. Dirulaguntza hori era progresiboan —eskatzailearen errentaren arabera— zehaztuko dute hemendik aurrera. Alkatearen berbetan, "justizia, edo behintzat ekitatea bilatzen dugu aldaketa honekin". Euren egoera ekonomiko eta soziala edozein izanda ere, laguntza bera jaso zezaketen herritar guztiek lehen; orain, beharrizan handiena dutenak babestuko ditu udalak.