Euritakoa esku batean, eta nekazal produktuen azokan erositako gure baserrietako produktuak bestean, ehundaka lagun batu dira gaur goizteik Urkiolan. Santuari bikotekidea eskatzeko aspaldiko ohitura jarraituz, Santutegiko harriari buelta emateko txandakatu dira Urkiolara hurreraturiko asko.
Goizetik, ohiko ganadu eta nekazaritza produktuen azoka izan da Urkiolan, eta trikitilariek ere jardun dute giroa sortzen. Urkiolako santutegiko batzordeak antolatzen du San Antonio eguneko baserriko salgaien azoka, eta BBKren azken urteetako babesik barik egin behar izan du aurten. Hain zuzen, “San Blasei kendu zien bezala, BBK-k San Antonio azokari laguntza kendu izana” kritikatu du, asteon, Jose Luis Navarro alkateak. Hala ere, zailtasunei aurre egin eta “San Antonio egunak bere xarmari eutsiko diola” sinistuta dagoela ere esan du Abadiñoko alkateak.
Goizeko 10:00etatik 13:00etara, orduro egin dute meza santutegian, eta Mario Izeta Bilboko Gotzainak jardun du 12:00etako meza nagusia gidatzen. Iurretako abesbatzaren emanaldia ere gozatu dute Urkiolara bertaratu direnek, eta Angel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bertsolarien saioa ere entzungai izan da, ondoren.
“Errepetizio domeka” ospatuko dute, bestetik, ekainaren 16an: trikitariak, Trapagarango abesbatzaren emanaldia, eta herri kirolak izango dira.