Bihar, Urkiolako Parke Naturaleko X. Argazki Rallya egingo dute; "Aisia Urkiolan" gaia ipini dute argazkiak ateratzeko, eta parte-hartzaile bakoitzak hiru aurkeztu ahal izango ditu.
Urkiolako Parke Naturala ezaguna da bere aberastasunagatik. Fauna, flora, paisajeak... Hainbat herritar erakartzen ditu Urkiolak faktore natural horiei eskerrak. Asko izaten dira ingurunea argazkietan hartzera joaten direnak. Bada, bihar beste aukera bat edukiko dute, lehiaketa formatuan. Izan ere, X. Argazki Rallya egingo dute bertan, parkeko kudeatzaileek eta aldundiak eratuta. “Aisia Urkiolan” gaia ipini dute argazkiak ateratzeko, eta parte-hartzaile bakoitzak hiru aurkeztu ahal izango ditu.
Goizeko 09:30etik aurrera inskribatuko dituzte argazkilariak Toki-Alai interpretazio zentroan. Haur eta gazteek euro bana ordaindu beharko dute, eta helduek euro bi. Egin ostean, entregatzeko, aukera bi eman dituzte: goizez 14:00ak arte, eta arratsaldez 16:00etatik 17:30era. Argazkiak originalak izango dira, eta izena ematean, memoria txartela hutsik dagoela egiaztatu beharko dute. JPEG formatu digitalean aurkeztu beharko dira.
Antolatzaileek sariak izango direla iragarri dute; Urkiolako ostatuetan erabiltzeko txartelak izango dira. Haur eta gazteen ataletan 100 eta 80 euro emango dizkiete lehenengo bi onenei; helduen kasuan, 150 eta 100 euro.
Argazkien erakusketa
Argazki guztiak jasota, erabakia hartu eta gutun bidez helaraziko diete irabazleei. Lehiaketaren ostean, Toki-Alain bertan argazki onenekin erakusketa ipiniko dutela azaldu dute.