Traña-Matienako emakume talde batek antolatu zuen joan zen asteburuan elkartasun azoka. Laguntza premian dauden abadiñarrei eta Geu Be elkarteari emango diote batutako dirua.
Udalak jakitera eman duenez, laguntza ekonomikoa behar duten herritarren artean banatu ditzan, 638 euro udalari eman dizkiote dagoeneko, azokaren antolatzaileek. Batutako beste 200 euroak premia bereziko familien Geu Be elkarteari emango dizkiote.
Herritarrek eta dendek emandako arropa eta oinetakoak asteburuan Traña-Matienan antolaturiko azokan salduta batu dute dirua. Herritarren erantzunarekin eta bildutako diru kopuruagaz "pozik" daudela adierazi dute ekimenaren antolatzaileek: "Badakigu hondar aletxo bat baino ez dela egungo egoeran, baina lehen urratsa izan daiteke beste herritar batzuek ere ekimen gehiago antola ditzaten", esan dute.
Udaleko Gizarte ekintzako zinegotziak, Javier Crespok, ekimena bultzatu duten emakumeen eta herritarren konpromezua azpimarratu du. Cresporen berbetan, "hurkoari laguntzeko lan handia egin dute emakume horiek isilean, eta meritu handia du hori: bihotzez eskertzen die Udalak ere".