Ertzaintzak eta udaltzaingoak herrian azken urteetan gertaturiko istripuen datuekin prestatu duten balantzea eman du gobernu taldeak jakitera. Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, aurreko urteekin alderatuta, %55 gutxitu dira zauridunak eragin dituzten istripuak, Abadiñon.
Udalak zabaldu dituen datuen arabera, 2012. urtean 76 auto istripu gertatu ziren Abadiñon; eta horietatik 20tan zauri arinak izan zituzten kaltetuek. Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, "duela hamabi urte errepideetako istripuak herriko arazo handienetako bat ziren". Alkatearen berbetan, 2000. urtean 126 istripu zenbatu zituzten.
Urteotan istripu kopurua jaisteko hartutako neurrien artean, Traña-Matienan kamioien trafikoa debekatzea eta semaforo, pasabide eta biribilgune gehiago egitea azpimarratu ditu Navarro alkateak. Herriak errepide segurtasunean onera egin duen arren, istripuak ekiditeko lanean jarraitu behar dela nabarmendu du Jose Luis Navarrok: "Administrazio bezala, behar diren neurri guztiak hartu behar ditugu bide segurtasuna bermatzeko, baina ekimen guztiak ez dira nahikoa herritarrak ez badira ohartzen zeinen garrantzitsua den zuhur gidatzea".