Iazkoagaz alderatuta %12,5 txikiagoa den udal aurrekontua onartu zuen Abadiñoko Udalak, atzo. EAJren babesagaz egin du Abadiñoko Independienteak taldeko gobernuaren proposamenak aurrera. Kontra bozkatu zuten Bilduko bost zinegotziek.
Antonio Serrano ogasuneko zinegotziak azaldu zuenez, "krisi egoerak eta Espainiako gobernuaren aurrekontuen egonkortasunaren legeak mugaturiko aurrekontua" da bere taldeak proposaturikoa. Serranoren berbetan, "trantsizioko aurrekontu teknikoa" da atzo onartu zutena. Alor guztietan murrizketak, eta guztira, 9,7 milioko sarrera eta gastuak aurreikusten ditu proposamenak. AIko zinegotziak azaldu zuenez, bestalde, "Udalak Udalkutxagaz daukan zorra aurten kitatzea ere aurreikusten du aurrekontu honek" (480.000 euro baino gehiagokoa da zor hori).
"Aurten, zoritxarrez, bi proiektutan bakarrik inbertitu ahalko du Udalak", adierazi zuen Serranok: 1,4 milioi euro bideratuko dituzte Zelaietako haurreskolako eraikin berria atontzera, eta 92.000 Trañabarren plaza urbanizatzera.
Abadiñoko Independienteak taldearen aurrekontu proposamenaren alde bozkatu zuen EAJk. "Garaiotan arduratsuak izan, egonkortasuna bultzatu, eta eredua eman behar dugula uste dugu", azpimarratu zuen Sarai Mimenza jeltzaleak.
Proposamenaren kontra bozkatu zuten, aldiz, Bilduko bost zinegotziek. "Bigarren urtez", Gobernu taldeak Bildurekin hitz egiteko borondaterik ez duela azaldu kritikatu zuen Aitor Azueta bozeroaleak. Azuetaren berbetan, "aurrekontua prozesu parte hartzaile erreal baten bidez garatzeko urratsak ematen hastea", eta "murrizketak ekiditeko, gastu sozialari garrantzia ematea" izan ziren Bilduk aurrekontuen negoziaziorako mahai gainean ipinitako baldintzak.
Euskal Fondotik ez ateratzea, baldintza
"Badakigu aurrekontu hau EAJgaz adostuta egon dela, eta aurrekontuak batzordera eraman ostean gurekin izandako bilera formalismo hutsa izan zela", kritikatu zuen Azuetak: "EAJk aurrekontu honi aurrera egiten utziko dio udala Euskal Fondotik ez ateratzearen baldintza bakarragaz". AI eta Bilduko gehiengoa Udala Euskal Fondoa erakundetik atera eta "erakunde horretara bideratzen den dirua beste arlo sozial batzuetan inbertitzearen alde egon, EAJk aurrekontuak aprobatzeko baldintza moduan ipini du Abadiñoko Udala Euskal Fondotik ez ateratzea", gaitzetsi zuen Azuetan.
Atzo onarturiko aurrekontuan "gizarte ongizaterako proiekturik ez" dagoela ere azpimarratu zuen Bilduk: "90.000tik 81.000 eurora murriztu dute gizarte ongizaterako partida, hain zuzen, arlo horretan dagoen beharrizanak nabarmen gora" egin duenean.